Jarduerak

Ollerietako Euskal Buztingintza Museoa erreferentzia-puntu bat da zeramikaz interesatuak dauden pertsona guztientzat.

Bisita bereziak egin nahi izanez gero, Museoaren arduradunekin jarri behar da harremanetan.

2008/05/18 - 2008/12/20 Erakusketa monografikoa
JOSÉ ORTIZ DE ZÁRATE: IN MEMORIAM (1913-2008). Eltzegintzari loturiko bizitza.

Inaugurazioa: Maiatzak 18an 12'00tan.

Museoa sortu zeneko 15.urtemuga honetan, hil berri den Ollerietako maisu buztinlariari omenaldia eskaini nahi diogu. Erakusketa honen bitartez, berak egindako keramikazko lan itzela gogora ekarri nahi izan dugu. Informazio gehiago.

24/11/2004 Unibertsitate-ikasleentzako tailerra

Museoak bisita bereziak eskaini ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Historia eta Arkeologia Fakultateko ikasleentzat.

Carlos Venegas eta Belen Bengoetxea irakasleek koordinatu dute bisita, eta ikasle-taldeen beharretara egokitu da. Zeramika lantzeko teknikei buruzko eskola praktiko bat izan da, erreketa eta akaberari buruzko argibideekin, eta atmosfera erreduzitzaileko labeetan eta oxidatzailekoetan erretako zeramikak konparatuz, eta leunketa eta esgrafiatuko praktikak eginez.

2/11/2004 Buztinaren soinuak

2004ko Nazioarteko Turismo Egunaren kariaz, egun berezi bat ospatu zen "Familia turismoari" eskainita.

Egun horretan bisitatu gintuzten pertsonek buztinarekin lan egiteko eta musika-instalazio batean parte hartzeko aukera izan zuten. Airean kariloi modura eseki, eta behar bezala ordenatu eta afinatutako ontzi batzuek eta beste hainbat piezak, zurezko xirikila batzuekin emeki joz melodiak interpretatzeko gomita egiten zieten haurrei eta pertsona larriei.

Mikel Prieto musikari eta irakaslea izan zen tailer horretako gidaria.

29-30/10/2004 Zeramologia Elkartearen Urteroko IX. Biltzarra

2004ko urriaren 30ean, eta Esplugues de Llobregat-eko Robert Brillas Kultura Etxean "Tradizioa eta modernitatea: Zeramika Modernismoan" gaiaren inguruan antolatu zen Zeramologia Elkartearen Urteroko IX. Biltzarraren barnean,"Arkitekturari aplikatutako zeramika-ondarearen errestaurazioa eta kontserbazioa" izeneko mahai-ingurua egin zen.

Elkarteko Lehendakari eta Valentziako "González Martí" Museoko Zuzendaria den Jaume Coll jn.ak egin zuen moderatzailearena. Eta hauek izan ziren mahai-inguruan parte hartu zutenak: Antoni Cumella jn., zeramikari industriala, Antoni González jn., Bartzelonako Diputazioko Arkitektura Ondare Lokalaren Zerbitzuko burua, Nuno Santos Viñero jn., Portugalgo UNESCO Forumeko lehendakaria, eta Neus Zapata and., ACRA enpresako errestauratzailea.

07-12/2004 Lantziegoko Teileriako buztinen probak

Buztinen probak egin dira, Arabako Errioxako lurretan dagoen Lantziegoko teileriari buruzko informazioa osatzeko. Bertako indusketaren zuzendari eta arkeologoa den Victorino Palacios Mendoza jn.aren taldea egiten ari den hondeaketa-lana da hori. Guztira 23 buztin-lagin hartu dira bertan. Behin horiek prozesatu eta erre ostean, teileriarako buztinak zein lur-hobitatik ateratzen zituzten jakin ahal izango da.

02/2004 Gasteizko Santa Maria Katedraleko arkeologo-taldearekin elkarlanean

Fabrikazio-teknikak zuzen ezagutzea ezinbesteko baldintza da aztarnategi bateko zeramikazko gauzak egokiro interpretatu ahal izateko. Ollerietako Museoko tailerretan, arkeologia-aztarnategiak aztertzen jarduten duten enpresekin batera lan egiten dugu, buztinekin probak eginez eta indusketetatik ateratako zeramiken markak, akatsak eta akaberak interpretatzera bideratutako hainbat prozedura praktikan jarriz.

Urri eta abenduko hilabeteetan Gasteizko Santa Maria Katedraleko arkeologo-taldearekin batera lanean jardun du Museoak, Agustin Azkarate Doktore jn.aren zuzendaritzapean.

Buztin-markei, horien itxura fisikoei eta akaberei buruzko kontsultak egin zaizkigu.

Eta gure aldetik, berriz, gure Museoan ikustera jarrita dauden hainbat zeramika-hondakin erabili ziren garaiei buruzko informazioa eskatu dugu.